Lapikoan / Artikuluak / Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza eta arrantza; Biziaren zientziak
Gizakiaren babesaren bila
2009/11/19 Ana Galarraga
Animalia basatiek ihes egiten dute gizakiren bat inguruan sumatu orduko, eta ez da harritzekoa: ez dakite nor
den ehiztaria eta nor ez; beraz, badaezpada ere, hobe haiek ez ikustea. Adibidez, Yogi eta Bubu hartzek gizakiei adarra jotzen bazieten ere, Yellowstongo parkeko benetako hartzak gizakiengandik urruti ibiltzen saiatzen dira.
Bada, Yellowstongo Natura Parkeko zientzialariek ikusi dutenez, hartzek gizakiaren beldur izatea onuragarria da batzuentzat, eta horri probetxua ateratzen ikasi dute. Hain zuzen, umea egiteko dauden altzeak pertsonak ibiltzen diren lekuetara hurbiltzen dira, esaterako, zelaietara eta errepideetara. Leku horiek seguruak dira haientzat, hartzak ez baitira hara joaten.
Antza denez, altzeentzat mehatxagarriagoak dira hartzak gizakiak baino, baina hartzei ez zaie gauza bera gertatzen: haientzat altzeak harrapakin preziatuak dira; pertsonak, berriz, erabat arriskutsuak dira.
Zientzialarien esanean, altzeen portaera deigarria den arren, ez dira era horretara jokatzen duten bakarrak. Tximuek, oreinek eta elefanteek ere erabiltzen dituzte gizakiak edo gizakiak sortutako egiturak harraparietatik babesteko.
Zientzialariek beste ondorio bat ere atera dute: animalia basatien berezko jokabidea aztertu nahi dutenek kontuan izan behar dute gizakiek eragin handia izan dezaketela, baita natura-parkeetan ere.