Lapikoan / Artikuluak / Biziaren zientziak; Lurraren zientziak
Ozonoak ere kutsatzen duenean...
2002/11/29 Elhuyar
Karbono dioxidoak kutsatu eta negutegi-efektua sortzen duela jakingo duzue ziurrenik. Baina ba al zenekiten ozonoa ere kutsatzailea dela?
Atmosferaren goialdean dugun ozono-geruzak Eguzkitik datozen izpi arriskutsuetatik babesten gaitu, baina atmosferaren behealdean ere ozonoa pilatzen da, eta horrek kalte besterik ez du egiten Lurrean. Beheko ozono hori gizakiaren jardueren eraginez sortzen da, poluzioa da, eta negutegi-efektua areagotzen du, hots, Lurreko tenperatura igotzen laguntzen du. Estatu Batuetan eginiko ikerketa berri batek argitu duenaren arabera, ozonoak, Lurreko tenperatura igotzeaz gain, zuhaitzen hazkuntza ere galarazten du.
Dirudienez, ozonoak zuhaitzak kutsatzen dituzten onddo eta intsektuen hazkuntza areagotzen du. Horregatik, zuhaitzek gaitz gehiago izaten dituzte eta ezin dute behar beste hazi.
Aspaldi esan zuten zientzialariek zuhaitzek atmosferan zegoen gehiegizko Karbono dioxidoa xurgatzeko gaitasuna dutela, eta poluzioa kentzeko modu merke eta eraginkorra izan daitezkeela. Baina, sortzen dugun ozonoak hazten uzten ez badie, ezin dute CO2 nahikoa xurgatu eta poluzioak bere horretan jarraitzen du.
Horregatik, badirudi irtenbiderik errazena ez poluitzea dela; bakoitzak jakingo du zer egin dezakeen ez poluitzeko!