Lapikoan / Artikuluak / Lurraren zientziak; Ingurumena; Teknologia
Mundu argia
2002/11/27 Elhuyar
Kale, etxegune, urbanizazio, auzo… berriak egiten ditugunean kaleko argiak jartzen ditugu. Baina inoiz pentsatu al duzue zenbat argi erabiltzen den horretarako? Nahikoa ote den, gutxiegi, gehiegi? Zuen esku geratzen da erantzuna hausnartzea.
Guk satelite-bidez eskuratutako informazioarekin osatutako mapa hau erakutsi nahi dizuegu. Lurrean distira gehien duten tokiak urbanizatuenak dira, baina ez derrigor jendetsuenak. Ikusi bestela Europaren (oso urbanizatua) eta Txina edo Indiaren (oso jendetsuak) arteko aldea.
Bestalde, argiei begiratuta nabarmen da hiriek kostaldean eta garraiobideen inguruan hazteko duten joera. Erdi ilunpean dagoen maparik gabe ere erraz asma genezakeen zenbait kostalderen forma. Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) errepide-sare nagusiak eta hiri nagusien arteko argi ilarek bat egiten dute. Errusian ere, Moskutik Vladibostok-era doan Trans-Siberianoaren inguruan argi gehiago dago. Eta, are nabarmenago, Nilo ibaiak Aswan urtegitik itsasoraino egiten duen ibilbidea erabat distiratsua da.
Beste lurralde batzuk, ordea, erabat ilunpean ageri dira: Antartika, Hego Amerika eta Afrikako eremu handiak, basamortuak (Australia, Afrika eta Asian), Kanada eta Errusiako tundrak…